Sailkapena
F. Turdidae,
O. Passeriformes
Identifikazioa
Hegazti nahasezina; arra erabat beltza da, eta moko eta beteraztun laranjak ditu; emea arre kolorekoa, eztarria arre argiagoa eta ildaskatua eta bularra kolore berekoa baina orban lausoekin. Ongi ikusten diren leku garaietan kantatzen du sarri (zuhaitzak, antenak, teilatuak…). Fruituak eta baiak jaten ditu udazkenean eta neguan, eta lur hezeetan harrapatzen dituen zizareak eta ornogabeak urte osoan.
Kantua
Banaketa geografikoa
Europan, Afrika iparraldean eta Asian egiten du habia, eta India eta Txinaraino iristen da. Euskal Autonomia Erkidegoan lurralde osoan dago zabalduta. Donostian ere udalerri osoan ikus daiteke. Hegazti ohikoenetakoa, era guztietako lorategi, parke eta basoetan aurki dezakegu.
Habitat-a
Birigarro arruntaren habitataren antzekoa dauka, baina nahiago du zuhaizti planifolioa. Zuhaizti edo zuhaixkak dauden lekuekin lotutako espeziea da. Hirietako parke eta lorategietan ere egoten da, baldin eta zuhaixka-erako estaldura badago. Loreontzi eta burdin sareetan ere umatzen du eta ondo onartzen du gizakion presentzia.
Lekualdaketak
Hegazti lurraldekoia. Europa hegoaldeko populazioek urte osoa ematen dute umatzeko-eremuan, baina leku garaietan ugaltzen direnak erregio mailako mugimenduak egiten dituzte negua leku baxuagoetan emateko. Halaber, Europa hegoaldera hegazti nordiko ugari joaten dira neguan, eta gure latitudeetan egoten dira urritik martxora arte. Donostiari dagokionez ez dakigu neguan hirian ikusten ditugun zozoak zenbateraino eta zein proportziotan datozen kontinentearen iparraldetik.
Mehatxuak/Kontserbazioa
Espezie hau ez dago mehatxupean. Espainian, urteko, populazioaren %1,2ko hazkunde-tasa kalkulatzen da. Ez da hegazti honen kontserbaziorako ageriko mehatxurik antzematen. Hala ere, hiriguneetan, maskotekin lotutako harrapakaritza da espezie honen mehatxurik nabarmenena, esate baterako lotu gabeko katu eta txakurrak, batez ere kumeak harrapatzen dituzte-eta.
Zozo arrunta-aren bero-mapa Donostian