Sailkapena
F. Lanidae,
O. Passeriformes
Identifikazioa
Txori nahasezina. Bere buru handia nabarmentzen da, isats luzea eta moko kakoduna. Arrak gaztaina kolorekoa du bizkarraldea, burua grisa, bertan mozorro zabal eta beltza bereizten delarik; bularraldea arrosa argia. Emeak tonu askoz apalagoak ditu. Burua arrexka; behealdeak argiak, marra mehez estaliak.
Era guztietako harrapakinez elikatzen da, bai intsektuez, bai mikro-ugaztunez eta bai hegazti eta narrasti txikiez. Askotan harrapakinak jaki-tokietan gordetzen ditu, hau da, kontsumitu arte harrapakina alanbre-hesi edo heskaietako arantzetan sartuta uzten du.
Kantua
Banaketa geografikoa
Europan, Asia erdi-mendebaldean eta Ekialde Hurbileko zati batean hedatutako espeziea. Euskal Autonomia Erkidegoan lurralde osoan bizi da, nahiz eta urritu egiten den erdialdetik hegoalderantz, mediterraneoagoa. Eurosiberiar motako klima duten habitatei lotua dago. Donostian, landazabaleko paisaia duten koadrikulatan aipatzen den espeziea da. Horrela gertatzen da Martutene inguruan eta Igeldon dauden landazabaletan.
Habitat-a
Heskaietan egiten du habia, batez ere larre eta belardi ertzetako sasitzetan. Ondo kontserbatzen den landazabal tradizionalaren ikur bezala har daiteke. Larreetan ganadua izatea mesedegarria da antzandobiak egon daitezen.
Lekualdaketak
Espezie transahararra. Afrikako hego-ekialdean ematen du negua. Neguko zonaldera iritsi ahal izateko, Mediterraneoaren iparraldetik zehar migratzen du, gero Afrikara Ekialde Hurbiletik eta Afrika ekialdetik sartzeko.
Mehatxuak/Kontserbazioa
Ia bere banaketa eremu osoan galbidean dagoen espeziea. Nekazaritza uztea eta landa-ingurunean plagizidak erabiltzea hegazti hauen gainbehera eragiten duten faktoreen artean daude. Larre eta belardi ertzetan heskai-lerroak eta lahardiak mantentzeak berebiziko garrantzia du espeziearentzat. Europako umatze-tokietan sor daitezkeen arazoez gain, migrazioan eta negualdiko zonaldeetan ematen diren heriotzak hartu behar dira kontuan.
Antzandobi arrunta-aren bero-mapa Donostian