• eu Txirritxo txikia
  • es Chorlitejo chico
  • iz. zient. Charadrius dubius
Sailkapena
F. Charadriidae, O. Charadriiformes
Identifikazioa

Hegazti zangaluze txikia, moko motza eta gorputzaren zabalera baino apur bat hanka luzeagoak dituena. Bizkarra eta buruaren gainaldea hondar-arre kolorekoak; zuriak azpialdeak. Buruaren diseinu berezia: kopeta zuria, marra beltza duena, buruaren gainaldetik beste marra zuri batek bereizia; mokotik begiaren atzeraino doan marra beltza. Begiko eraztuna horia. Lepoko beltza bularraldean. Arrak baino kolore apalagoak ditu emeak.

Toki hezeetako gainazalean edo inguruetan edo sakonera txikian harrapatzen dituen ornogabe txikiez elikatzen da.

Kantua

Stanislas Wroza (XC371007)

Banaketa geografikoa

Espezie hau Europa eta Asiako zati handi batean hedatua dago; Afrika tropikalean pasatzen du negua. Euskal Autonomia Erkidegoan, lurralde osoan azaltzen da, modu jarraian ez bada ere. Donostian, oso lokalizatua azaltzen da, erabiltzen dituen habitat oso bereziengatik. Horrela, Erriberatan, Txomin-Enean, edo Oriako hartxintxar-uharteetan aipatu izan da.

Habitat-a

Hartxintxarrezko edo hartxintxar eta hondarrezko substratua duten toki lau eta landaretzarik gabeak dira umatzeko habitat naturala, inguru hezeetan edo horien ondoan (ibaiak, barnealdeko padurak, etab…). Habitat artifizialetara ondo egokitu da; hala nola, hirietako legar-hobi edo eremuak. Horrela, Donostian badira Erriberetako eremuetan edo Txomin-Eneako eraikuntza berrietako obretan umatu diren bikote batzuk.

Lekualdaketak

Espezie transahararra; Afrika tropikal inguruko hezeguneetan ematen dute negua.

Mehatxuak/Kontserbazioa

Espeziearen mehatxurik garrantzitsuenetako bat bere habitata hondatzea da, batez ere ibaiak bideratzea, dragatzeak, erriberen suntsiketa… Inguru artifizialetan, oso mehatxu larria da eremuetan eraikinak edo azpiegiturak eraikitzea. Gainera, txakur, katu eta arratoien harrapaketak gehitu behar zaizkio honi.

Txirritxo txikia-aren bero-mapa Donostian