Sailkapena
F. Strigidae,
O. Strigiformes
Identifikazioa
Hontz txikia, potoloa, "belarririk" gabea. Begi hori handiak. Kolore arre argiko lumajea, zuriz tantotua. Buru handia, nabarmena. Buztana eta hegal laburrak, biribilduak. Sexuaren arabera oso antzekoak. Teilatuetan eta zutoinetan pausatzen da, erraz ikusteko moduan.
Ornogabez (matxinsaltoak, kakalardoak, kilkerrak, zizareak …) eta karraskari txikiz elikatzen da.
Kantua
Banaketa geografikoa
Eurasiako erdialdean eta hegoaldean ondo banatutako espeziea. EAEn lurralde osoan agertzen da, baina bertako populazioak nabarmen jaitsi dira azken urteetan. Horrela, euskal geografiaren zati handi batean urritu egin da. Donostiako kasuan oso espezie eskasa da. Garai batean landazabaleko landa eremuetan oso ohikoa zela kontatzen da, baina gaur egun ia desagertu egin da. Badira bikote bakan batzuk Landarbaso bezalako lekuetan.
Habitat-a
Nahiago ditu espazio erdi irekiak edo irekiak, zuhaizti edo baserri edo bordak dituztenak, bertan umatzeko, nahiz eta hiri-parkeetan eta sastrakadietan ere agertzen den. Basoak saihesten ditu, nolanahi ere. Donostiako kasuan, landazabaleko paisaiari lotzen zaion espeziea da. Bertan nahiago ditu belardien, zuhaitzen eta bestelako laboreen mosaikoak. Oso litekeena da ganadua egoteak mozoloari mesede egitea, ganaduak, zeharka, intsektuak izatea sustatzen baitu.
Lekualdaketak
Bertako espeziea. Printzipioz, Donostian ugaltzen diren hegaztiak urte osoan egongo lirateke beren hazkuntza eremuan.
Mehatxuak/Kontserbazioa
Gaur egun, ziurrenik, EAEko espezie mehatxatuenetako bat da. Ohikoa zen leku askotan desagertu egin da edo desagertzen ari da mozoloa. Donostian, litekeena da udalerri osoan gaur egungo bikote kopurua hamarretik beherakoa izatea. Landazabaleko beste espezie batzuekin bezala, plagiziden erabilerak eta lurraldearen erabileran egindako aldaketek eragin negatiboa dute haien kontserbazioan.
Mozolo arrunta-aren bero-mapa Donostian