• eu Kaio Beltza
  • es Gavión atlántico
  • iz. zient. Larus marinus
Sailkapena
F. Laridae, O. Charadriiformes
Identifikazioa

Planetako kaio handiena da. Kolorez, kaio ilunaren oso antzekoa, baina tamainaz askoz handiagoa. Moko indartsua; hankak arrosa kolorekoak, eta ez horiak kaio ilunen edo hankahorien kasuan bezala. Donostian umatzen diren beste bi kaioen kasuan bezala, 4 urterekin lortzen dute helduaren lumajea.

Espezie oportunista, mota askotako harrapakinez elikatzen da, dela sarraskia, direla beste hegaztien arrautza eta txitak.

Kantua

Niels Krabbe (XC477034)

Banaketa geografikoa

Ipar Atlantiko osoan hedatutako espeziea, bai Ipar Amerikan, bai Europan. EAEn oso espezie arraroa da, eta duela gutxi Bizkaiko kostaldeko zenbait tokitan habia egin izana egiaztatu da. Gipuzkoako kasuan, ugaltzaile bezala, Donostian aipatzen da lehen aldiz 2019an, Santa Clara uhartean, baina errunaldiak porrot egin zuen, umatze-eremuan jendearen etengabeko joan-etorriek sortutako eragozpenengatik.

Habitat-a

Kostaldeko harkaitzei lotutako espeziea da, bertan eremu altuak edo gorenak aukeratzen ditu umatzeko, askotan kaio kolonien inguruan edo ondoan. Donostian Santa Klara uhartean dagoen kaio hankahorien koloniarekin lotzen da. Uhartetik kanpo, udalerriko beste gune batzuetan ikus daiteke, Urumea ibaiaren estuarioan, esaterako.

Lekualdaketak

Itxuraz, bertan geratzen dira Kantauriko populazioen kasuan (Europa iparraldeko populazioek hegoaldera migratzen dute neguan).

Mehatxuak/Kontserbazioa

Maila lokalean mehatxatutako espeziea. Kaio hau urria da ugaltzaile gisa Kantauri itsasoan, nahiz eta azken urteotan orain dela gutxira arte umatzen ez zen lekuetan gelditzen ari den. Kolonizazio prozesu natural hori positiboa da, Donostian ugaltzeko aukera sendotzeko giltzarri izan daitekeen neurrian. Hala ere, umatze garaian sortzen diren eragozpenak oso larriak dira maila lokalean (ugaltze-porrotak eragiten dituzte) eta, testuinguru honetan, oraindik ere kolokan dago kaio beltza udalerrian umatzea.

Kaio Beltza-aren bero-mapa Donostian